Herritarrek ekainaren 1era arteko epea izango dute Beasaingo S-7 sektoreko Plan Partzialaren aldaketari buruzko alegazioak aurkezteko
Egitasmoaren helburu nagusia Indar eremuan eraikin berri bat eraikitzea da. Industria-prozesuaren segurtasun-neurriek hala gomendatuta, eraikin exentua eta erdi lurperatua izango da, bunker baten itxura izango duena. Eraikin berri hau motorren ardatzak orekatzeko lan espezifikoetarako erabiliko da.
Lurzoruaren berrantolaketa
Proiektuak aldaketa batzuk dakartza gaur egungo lurzoruaren banaketan:
- Jarduera ekonomikoetarako partzela handituko da ekialdeko mugan.
- Aldaketa horrek espazio libre eta kirol-ekipamenduetan eragingo lukeen murrizketa konpentsatzeko, 2.000 m²-ko azalera berria egokituko da eremuaren hegoaldean.
Espedientea hogei lanegunez egongo da ikusgai Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udal webgunean eta ekainaren 1era arte aurkeztu ahal izango dira alegazioak.
