Beasaingo Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei jaietan erakutsitako parte-hartze eta jarrera bikainagatik
Galdetegi on-line baten bidez, herritarren ekarpenak jaso nahi dira etorkizuneko egitarauak eta antolaketa hobetzen jarraitzeko
Loinatz jaiak amaitu berri diren honetan, Beasaingo Udalak balorazio positiboa egin nahi du eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei egun hauetan izan duten parte-hartze, jarrera eta sortutako giro bikainagatik. Orain, festetan bizitako esperientzien inguruko gogoeta eta balorazioa egiteko unea iritsi da.
Helburu horrekin, Udalak galdetegi labur bat prestatu du herritarren iritzia eta proposamenak zuzenean jasotzeko. Ekimen honen xede nagusia hurrengo urteetako jaiak hobetzen jarraitzea da, betiere herritarren ekarpenak eta iradokizunak erdigunean jarrita.
Herritarren iritzia, etorkizuneko jaiak antolatzeko gakoa
Udaletik gogorarazi nahi dute jaiak herritarrentzat direla, eta, beraz, haien ikuspuntua eta iritziak funtsezkoak direla antolakuntza hobetzeko. Galdetegian jasotako erantzun eta iruzkinek etorkizuneko ekitaldiak eta egitaraua moldatzeko bidea emango dute, beasaindarrei herriko bizitzan eta jaietan modu aktiboan eragiteko aukera zuzena eskainiz.
Galdetegia betetzea minutu gutxi batzuetako kontua besterik ez da, eta ekarpen bakoitzak ondorio oso positiboak izango ditu hurrengo Loinatz jaietan. Hori dela eta, Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu parte hartzera. Galdetegia on-line bete daiteke esteka honen bidez.
