Helburua pertsonen segurtasuna lehenestea eta motor bidezko ibilgailuen eta oinezkoen arteko oreka bermatzea da
Gogorarazi dute udalerria "30 hiria" dela eta plataforma bakarreko guneetan muga 20 km/h-koa dela
Beasaingo Udaltzaingoak urte osoan zehar trafiko-segurtasuna bermatze aldera abian jartzen dituen ekintzen baitan, datorren astean hiri-bideetan abiadura kontrolatzeko jardunaldi berezia egingo da. Udalerriko hainbat gunetan neurketa-gailuak eta radarrak jarriko dira gidariek ezarritako mugak errespetatzen dituztela ziurtatzeko eta abiadura neurrigabeak identifikatzeko. Arau-hauste larriak antzemanez gero, dagozkion zehapenak ezarriko direla adierazi dute.
Prebentzioa eta espazioen oreka
Udaltzaingotik azpimarratu dutenez, aldizkako prebentzio-kanpaina hauen helburu nagusia pertsonen segurtasuna lehenestea da. Era berean, motor bidezko ibilgailuek izan ohi duten protagonismo tradizionala orekatu nahi da, oinezkoei, bizikletei eta mugikortasun pertsonaleko gailuei espazio seguruagoa eskainiz. Gidariek baldintzak ongi ezagutzen dituztela gogorarazi du Udalak, udalerriko sarreretan muga horiek argi adierazten dituzten seinaleak bait daude.
Gaur egun, Beasain “30 hiria” gisa definituta dago; beraz, gehienezko abiadura orokorra 30 km/h-koa da hiri-bideetan. Mugaketa hori zorrotzagoa da galtzada eta espaloia plataforma bakarrean integratuta dituzten eremuetan, non baimendutako gehienezko abiadura 20 km/h-ra jaisten den.
Hiri-eredu jasangarriago baten alde
Ekimen hauek guztiek bat egiten dute Beasaingo Mugikortasun Planean jasotako xedeekin: herri atseginago, irisgarriago eta jasangarriago bat eraikitzea. Azken urteotan norabide horretan lan egin du udal gobernuak, hiriko ardatz nagusiak —Jose Migel Iturriotz, Kale Nagusia, Nafarroa etorbidea, Erauskin plaza eta San Inazio-Esteban Lasa ardatza— oinezkoentzako lehentasunezko espazio bihurtuz.
Abiadura murrizteak, istripu-arriskua gutxitzeaz gain, kutsadura akustiko eta atmosferikoa apaltzen ditu, herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna nabarmen hobetuz.
