2026/07/22

Goiekik antolatutako Enpresa Ekimen Berrien XXIX. Lehiaketan proiektuak aurkezteko epea ireki da

Beasaingo Udalak, eskualdeko garapen agentziako partaide gisa, bertako ekintzailetza, berrikuntza eta gizarte inklusioa bultzatzeko deialdiarekin bat egin du

Proiektuak aurkezteko azken eguna 2026ko irailaren 25a izango da eta hiru kategoria desberdin sarituko dira

Goieki garapen agentziak martxan jarri du berriro ere Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa, “Ideietatik etorkizunera!” lelopean. Beasaingo Udalak, Goiekiko partaide aktibo gisa, erabat babesten du urteroko ekimen hau, eskualdean lanpostuak zein aberastasuna sortzeko eta ekintzaileen zeregina zein lehiakortasuna indartzeko helburuarekin. Eskualdean kokatutako pertsona eta enpresei zuzendutako deialdi honetan izena emateko epea 2026ko irailaren 25era arte egongo da zabalik.

Hiru kategoria ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko

Aurtengo XXIX. edizioak hiru sari nagusi banatuko ditu, eskualdeko errealitate eta behar ezberdinei erantzuna emateko:

  • 1. Kategoria: Enpresa ekimen berriko proiektuak. Urteko proiektu ekintzaile onena saritzen du, balio erantsi altuko enpresa berritzaileak sustatuz. 2025-2026 urteetan negozio-ideia baten bideragarritasun-plana landu eta enpresa martxan jarri duten sustatzaileei bideratuta dago. Irabazleak 6.000 € jasoko ditu (eta 3.000 € gehigarri sortutako enpresak kooperatiba izaera juridikoa badu), baita agentziaren abantaila eta zerbitzuak ere.
  • 2. Kategoria: Enpresan buruturiko proiektu berritzaileak. Goierriko ETEetan 2025-2026 aldian berrikuntza-proiekturen bat gauzatu duten enpresen ahalegina aintzat hartzea du helburu. Sari nagusia 2.000 €-koa izango da, zerbitzu osagarriez gain.
  • 3. Kategoria: Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez. Lan-munduratzeko zailtasunak edo bazterkeria-egoerak dituzten pertsonek bultzatutako enpresa-ekimen onena sarituko du. Kasu honetan ere, proiektu onenak 2.000 € eta enpresa-arloaren laguntza eta zerbitzuak jasoko ditu.

Informazio gehiago eta oinarriak

Proiektu guztiak Goierri eskualdean kokatuta egon behar dira. Oinarri osoak kontsultatzeko, informazio gehiago jasotzeko edo izen-ematea bideratzeko, interesdunek Goiekiren webgune ofizialera (www.goierri.eus) jo dezakete edo harremanetan jar daitezke Ordiziako egoitzarekin (Tel: 943 16 09 70 / goieki@goierri.eus).