Kultur sorkuntza dinamizatzeko 2022ko udal-dirulaguntzak eskuragai
2022/04/07

Kultur sorkuntza dinamizatzeko 2022ko udal-dirulaguntzak eskuragai

Irailaren 10a arte aurkeztu daitezke eskaerak Udaletxean

Beasaingo Udalak kultur arloko hainbat esparrutan duen jarrera sustatzailea ez da berria. Horren adibide urtero hitzarmen desberdinak medio aurrera eramaten diren ekitaldiak, emanaldiak, erakusketak etab. 

Kultur sorkuntzari dagokionez, Beasaingo Udaleko aurrekontuetan espreski jasotzen diren beka, sari edo bestelako laguntzak badira (Matematika argazki lehiaketa-sariak, Beasain idazlehiaketa-sariak, Loinatz jaietako kartel lehiaketa-sariak, Beasain Hiria argazki lehiaketa-sariak, Igartza Literatur Sorkuntzarako Beka Saria, Aire Zabaleko margo sariketa, Igartza Musika Beka, Udal egutegia eratzeko argazki lehiaketa…)

Hala ere, udalaren nahia da kultur sorkuntzaren beste esparru batzuei laguntzak ematea. Iaz bezala, 2022ko aurrekontuan kultur sorkuntzara bideratutako partida bat aurreikusi da berriro, eta epe luzeagoa eman da aurkeztu beharreko proiektuak garatzeko. Hartara, Udalbatzaren osoko bilkuran aho batez onartu zituen oinarrien arabera, euskararen presentzia bermatuz, honako proiektu motak diruz laguntzeko modukotzat izango dira: sorkuntza eszenikoa, obra bisualak eta plastikoak onartzea, ikusentzunezko lanak sortzea, musika edo soinu konposizioa, ekintzailetza edo ikerkuntza proiektuak, haur eta nerabe literatura proiektuak eta helduentzako literatura proiektuak. Laguntza hauetarako aurreikusitako kopurua 15.000 eurokoa da eta irailaren 10a arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak udaletxean, Igunean, telematikoki edo udala@beasain.eus helbidera eskaera orria aurkeztuz.