Beasain “30 hiria” gisa definituta dago, eta beraz, gehienezko abiadura orokorra 30 km/h-koa da. Helburua pertsonen segurtasuna lehenestea da
Urtean zehar Udaltzaingoak gauzatzen dituen trafiko-segurtasuneko ekintzen baitan, azaroaren azken astean Beasaingo hiri-bideetako abiadura kontrolatzeko jardunaldia egingo da. Egun horretan udalerriko hainbat gunetan abiadura neurtzeko gailuak jarriko dira, gidariek ezarritako mugak betetzen dituztela egiaztatzeko.
Beasain “30 hiria” gisa definituta dago, eta beraz, gehienezko abiadura orokorra 30 km/h-koa da. Bestalde, galtzada eta espaloia plataforma bakarrean duten eremuetan abiadura mugatua 20 km/h-ra jaisten da.
Zergatik kontrolak?
Udaltzaingoak urte osoan egiten dituen prebentzio-kanpainen helburua da pertsonen segurtasuna lehenestea, eta motor bidezko ibilgailuek duten protagonismo tradizionala oinezko, bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko gailuen aurrean orekatzea. Horregatik, azaroaren azken astean radarrak jarriko dira abiadura neurrigabeak identifikatzeko; arau-hauste larriak antzemanez gero, dagokion zehapena ezarriko da.
Udalerrian sartzean dagoeneko ikus daitezke abiadura muga adierazten duten seinaleak, eta beraz, gidariek baldintzak ongi ezagututa dituzte. Neurri hauek guztiak bat datoz Beasaingo Mugikortasun Planean ezarritako helburuekin: herri atseginago, irisgarriago eta jasangarriagoa eraikitzea.
Hiri-eredu seguruago eta jasangarriago baterantz
Azken urteotan, udal gobernuak hainbat esparru eraldatu ditu oinezkoei lehentasuna emateko. Hiriaren ardatz nagusiak —Jose Migel Iturriotz, Kale Nagusia, Nafarroa etorbidea, Erauskin plaza eta azkenik San Inazio-Esteban Lasa ardatza— oinezkoentzako lehentasunezko espazio bihurtu dira, mugikortasun eredua aldatzeko bidean.
Abiadura murriztuta ez da soilik istripu arriskua gutxitzen: kutsadura akustikoa eta atmosferikoa ere jaisten da, eta horrek herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du. Helburua, azken batean, Beasain seguruago eta jasangarriago bilakatzea da.

