2026/03/09

Beasaingo Udalak hasierako onespena eman dio Dr. Fleming 34 eremua garatzeko hitzarmenari

Eremuaren urbanizazioa jabeen eta Udalaren arteko kontzertazio sistemaren bidez egingo da, eta proiektua 20 egunez egongo da jendaurrean

Beasaingo Udalak hasierako onespena eman dio Dr. Fleming 34 eremuko Egikaritze Unitatearen kontzertazio hitzarmenari, 2026ko otsailaren 17ko alkatearen ebazpenaren bidez.

Hitzarmen honek eremu horren garapen urbanistikoa nola egingo den zehazten du. Kasu honetan, kontzertazio sistemaren bidez gauzatuko da; hau da, lur-jabeek –Talaieder S.L. enpresa nagusiki– urbanizazioaren kudeaketa eta lanak egingo dituzte, Udalaren kontrol eta gainbegiradapean.

Hitzarmenaren arabera, Kontzertazio Batzordea eratuko da eremuaren kudeaketa koordinatzeko. Batzorde horrek, besteak beste, birpartzelazio-proiektua egingo du lurzatiak eta urbanizazioaren kostuak jabeen artean banatzeko, eta ondoren urbanizazio-proiektua aurkeztuko du.

Aurreikusitako lanen artean daude, besteak beste, pasabide bat eta igogailu bat eraikitzea, inguruko irisgarritasuna hobetzeko, baita legeak ezartzen dituen lurzoru-lagapenak Udalari egitea ere.

Espedientea 20 eguneko epean jendaurrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, hitzarmena behin betiko onartutzat joko da.

Argitalpena GAO