Udaltzaingoaren ohartarazpenak Loinatz jaiei begira
2023/05/16

Udaltzaingoaren ohartarazpenak Loinatz jaiei begira

Jai eta ospakizun egun hauetan, udaletik, kontuan eduki behar diren, gomendioak, ohartarazpenak eta beste hainbat jakinarazpen zabaldu nahi dira. Bi asteburuetan zerbitzua 24 ordukoa izango da

Datorren ostiralean hasiko dira 2023ko Loinatz jaiak. Herrian hainbat aldaketa emango dira zenbait arlotan. Herritarren hobe beharrez eta jai giroan pasako diren egun hauetan guztia normaltasunez burutu dadin, ondorengo oharrak kontutan hartzeko eskaera egin da Udaltzaingotik.

TAO zerbitzua

Maiatzak 20, 22, 23 eta 27an TAO zerbitzurik ez da izango. Gipuzkoa plazako aparkalekua bertan behera geratu da “barrakak” jarri baitira.

Aparkalekuak

Ibilgailuak jai hauetan aparkatzeko guneak, Bernedoeneako aparkalekua eta egun hauetarako gogo onez utzi dituzten, Senpereko Merkatal Zentroa eta Renfeko nasan dauden aparkalekuak erabil daitezke.

Lapurretak

Diru-zorro eta sakelako telefonoen ebasketa eta lapurreta jaietan kopuruz gora egiten dutenez, bai herritar baita bisitan etorriko direnei ere jakinarazi nahi zaie, kontu handiz eta arretaz ibiltzeko. Bereziki tabernetan eta jende multzo handia dagoen tokietan gertatzen dira ebasketak.

Honen aurrean, Beasaingo Udaltzaingoa eta Ertzaintza bat eginik, aholku batzuk eman nahi dituzte gogoan izateko:

  • Poltsak ondo itxita eta aurrealdean eramatea eta begi-bistan.
  • Diru-zorroak eta sakelako telefonoak aurreko poltsikoetan eramatea.
  • Zerbait susmagarria nabarituz gero, Ertzaintza edo Udaltzaingora jotzea eskatzen da.

Trafiko aldaketak

Ondorengo egun eta ordu hauetan trafikoa etenda geldituko da eta Osasun Zentroko herrirako sarbidea ere itxita ondorengo eta ordu hauetan:

Erdigunea itxita, oinezkoentzako gunea. Beraz, ibilgailuen trafikorako itxita, baimenduentzako izan ezik.

Zaldizurreta kaleko bidegurutzea ordiziarantz itxita

  • Maiatzaren 19an : 18:00etatik hurrengo goizalderarte.
  • Maiatzaren 20an: 18:00etatik hurrengo goizalderarte.
  • Maiatzaren 21ean: 17:00etatik hurrengo goizaldera arte.
  • Maiatzaren 22an: 13:00etatik 15:30etara eta 18:00etatik hurrengo goizaldera arte.
  • Maiatzaren 26an: 19:00etatik hurrengo goizalderarte.
  • Maiatzaren 27an: 11:00etatik goizalderarte.
  • Maiatzaren 28an: 17:00etatik 22:00etara

Lehergaiak

Lehergaiak bide publikoan botatzea debekatuta dago eta lehergaien salmenta ibiltaria ere erabat debekatuta dago.

Lehergaiak erosteko baimendutako establezimendu berezian erosi behar dira eta ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:  

  • CE marka dutenak (etxean egindakoak ez).
  • Establezimenduak E.A.E.ko Gobernuaren Ordezkariaren baimena leku agerian ikusgai eduki beharko du.
  • Etiketak gutxienekoak bete beharko ditu.
  • Jendeak eros dezakeen material piroteknikoa. I, II eta III kategoriak.
  • Adin mugak: 12, 16 eta 18 urte.

Ondorioz, saltzaileek goian aipatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte. Eta baldintzak betetzen ez dituzten salmenta-postuei, debekatutako su-gaia kendu egingo zaie, aplika dakizkiekeen zigorren kalterik gabe.

Era berean, gune publikoetan  botatzen diren lehergaiak atzemango dira eta dagokion arau-hauste akta jasoko da.

Udaltzainek eta gainerako Aginte-Agenteek izango dute aipatutakoa betetzeko ardura.

Udaltzaingoaren ordutegia

Aurtengo jaietan Udaltzaingoak bere ordutegia zabalduko du.

Maiatzaren 19, 20, 22, 26 eta 27an, bi asteburuak eta koadrilen eguna alegia, zerbitzua 24 ordukoa izango da.

Zeregin nagusienak ordutegi horretan eraso sexualak, borrokak eta antzeko ekintzak saihestea izango da.